Skip to main content

Zer da Arartekoa

Irudia
Atzeko planoko irudia

Arartekoa Euskadiko herriaren defendatzailea edo ombudsmana da.

Gu ondo ezagutzea nahi dugu, zehazki zer egiten dugun eta zertan lagun zaitzakegun jakitea. Herritar guztiak hobeto defendatu nahi ditugu, euskal herri-administrazioen jarduera eta politika publikoei dagokienez. Edonola ere, zerbitzu bikaina eskaini nahi dugu eta, horretarako, laguntza eskatzen dizugu. Beraz, animatu zaitez, helaraz iezazkiguzu zure proposamenak eta iritziak, gardentasun atari hau eta, oro har, Arartekoaren jarduerak eta zerbitzuak hobetu ditzagun, beti eragingarritasunez, modu atseginean eta azkar egin nahi ditugu eta.

Eusko Legebiltzarraren otsailaren 27ko Arartekoari buruzko 3/1985 Legeak sortu eta arautu zuen Arartekoa, Euskal Herriko Autonomi Estatutuko 15. artikuluan ezarritakoaren arabera. Arartekoa Eusko Legebiltzarraren goi mandataria da eta pertsonen eskubideak defendatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen (Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, udalak edo horien mendeko erakunde publikoak) jarduera eta politika publikoei dagokienez.

Ararteko erakundea edo bulegoa pertsona bakarrak zuzentzen du eta horrek ere arartekoa du izena. Bost urterako aukeratzen du Eusko Legebiltzarrak eta horretarako bostetik hiruko gehiengoa behar izaten da. Erakunde independente eta alderdikeriarik gabekoa da eta euskal herritarrei doako zerbitzu publikoa eskaintzen die.

Ararteko erakundearen zeregin nagusia herritarrak artatzea da, administrazioaren jarduera oker edo irregularrei buruz herritarrek egiten dituzten kexak, eskaerak edo kontsultak jaso eta bideratzea. Kexak prozedura jakin baten arabera izapidetzen dira eta, bertan, dagokion administrazioari bere jokaera azaltzeko eta haren berri emateko eskatzen zaio. Baldin eta, legerian ezarritakoaren arabera, kexa sorrarazi duen jarduera okerra izan dela erabakitzen bada, Arartekoak gomendio bat egiten dio administrazio arduradunari, eta jarduera oker hori aldatzeko eskatzen dio. Ebazpen horiek gure webgunean argitaratzen dira.

Euskal administrazioen politika publikoei buruzko diagnostikoak ere egiten ditu Arartekoak, batik bat txosten bereziak edo monografikoak eta azterlanak eginez. Gainera, politika horiek hobetzeko gomendioak egiten ditu, herritarren eskubideak hobeto babestu daitezen, batez ere herritar horiek egoera txarrean, gizartetik baztertuta edo baztertuak izateko arriskuan, diskriminatuta edo gizarte-estutasunean bizi badira.

Era berean, herritarrei zerbitzuak egiten dizkieten zentroak eta bulegoak ikuskatzera joaten da Arartekoa, aldizka harremanak eta bilerak izaten ditu gizarteko errealitatearen arlo desberdinetan lanean ari diren hainbat elkarte eta erakunderekin (GKE) eta anitz ekitaldi eta forotan hartzen du parte; horren guztiaren bidez, politika publikoek eta administrazioen jarduerek etengabeko bilakaera izan dezaten eta hobetu daitezen lortu nahi du, kalitateko zerbitzuak eskaintzeko, eskubideak beteko direla bermatzeko eta desberdintasun, diskriminazio, eskasia eta gizarte-bazterketaren kontra borroka egin eta horiek errotik kentzeko. Zeregin horretan buru-belarri dihardugu gure webgunean identifikatuta dauden 29 lan-arloetan.

Giza eskubideak errespetatzeari buruzko sentikortasuna eta kontzientziazioa areagotzeko ekimenak ere burutzen ditugu.

Arartekoak urteko txosten baten bidez ematen dio Eusko Legebiltzarrari bere jardueren eta ekitaldien berri. Txosten hori gure webgunean argitaratuta dago. Beste zenbait gauza ere aurkituko dituzu: gure ebazpenak, txosten bereziak, gomendio orokorrak, azterlanak, beste argitalpen batzukiritzi-artikuluak, erakunde-adierazpenak, Arartekoaren jarduerei buruzko informazioa.

Gardentasun atari honetan informazio zehatza aurkituko duzu Arartekoaren antolaketaz eta funtzionamenduaz, baita ere bere aurrekontuaz, kudeaketa ekonomikoaz, langileez, eta abar. Gardenak izan nahi dugu, eta herritarrei ahalik eta ongien lagundu.

Pertsonen eskubideak bermatzeko eta defendatzeko erakundea gara. Giza-eskubideen sistema gure demokrazien eta bizikidetzaren funtsezko oinarria da, berez dinamikoa eta ebolutiboa; hortaz, etengabe hobetu daiteke eta hobetu behar da. Horretarako, botere publikoek gogor saiatu behar dute, baina gutako bakoitzaren konpromisoa eta lana ere ezinbestekoak dira.