Inés Ibáñez de Maeztu Izaguirre. Geografia eta Historian lizentziaduna, Deustuko Unibertsitatean. Gizarte hezitzaile gisa aritzeko lanbide gaikuntza du. Prestakuntza teoriko eta teknikoa du -Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak (UHUN) emana adingabeekiko gatazketan bitartekotza egiteko.
1985ean hasi zuen bere ibilbide profesionala adin txikikoekin, zentzatzeko bidean dauden adingabeekin (legearekin arazoak dituztenak) jarduera pedagogikoa eginez, bai gizarte-inguruan, bai adingabeentzako zentroetan. Aldi hori garrantzitsua izan zen legegintzan eta legearekin arazoak dituzten adingabeen eskubideak aitortzeko politika publikoetan aurrera egiteko, argi bereiziz zentzatzeko bidean dauden adingabeak eta babestu beharreko adingabeak.
Gizarte-hezitzaile eta bitartekari lanetan, Euskadiko adingabeen epaitegietan diseinatu eta barneratu ziren lehenbiziko lantalde teknikoetako (1988) partaide izan zen, operadore judizialei, epaileei eta fiskalei aholku emateko langile teknikoa, adingabeen interesa kontuan hartuta kasu bakoitzean hartu beharreko neurri judiziala har zezaten.
Testuinguru horretan, eskarmentu handi eta luzea du gazte arau-hausleekiko bitartekari gisa. Lantalde tekniko horiexek abiarazi zuten adingabeekiko zigor arloko bitartekotza, gatazka judiziala bera konpontzeko asmoz, 1948ko Adingabeen Legeak 1992an izan zuen aldaketaren babesean. Haren funtsa eta esperientzia indarreko 5/2000 Lege Organikoan sartu ziren, adingabeen erantzukizun penala arautzekoan. Lege horretan jasota daude aurreko aldaketaren gidalerro izan ziren oinarrizko printzipioak (batez ere adingabearen interes gorenaren printzipioa), gure konstituzio legeriako bermeak eta nazioarteko Zuzenbideko arauak, arreta berezia eskainiz 1989ko azaroaren 20ko Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenari.
Giza Eskubideen zuzendari kargua bete du Eusko Jaurlaritzan (2009-2013). 2011. urtean EAErako Giza Eskubideen Defendatzaileen Programa abiarazi zuen, beraien defentsa-lanagatik mehatxuak jasotzen zituzten giza eskubideen arloko ekintzaileentzat.
Manuela Carmenaren buruzagitzapean, 1960 eta 1978 bitartean polizia-abusuen biktima izandakoak baloratzeko lehen Batzordea zuzendu zuen, ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuaren esparruan (Euskal Autonomia Erkidegoan, diktadura frankistan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzekoa eta biktima horiei ordainak ematekoa).
2021eko martxoaren 16tik aurrera, "arartekoaren ondokoa" kargua betetzen ari da, Manuel Lezertua arartekoak proposatuta. Zeregin horri arduraz, konpromisoz eta ilusioz egiten dio aurre, osagarritasunaren ikuspegitik bere ezagupenak eta eskarmentua erabiltzeko, betiere azken helburu hau lortzeko: Ararteko erakundearentzat arduratsu jardutea Euskadiko herritarren eskubideak defendatzen.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoa