Iñigo Lamarca Iturbe Donostian jaio zen, 1959ko uztailaren 13an. Zuzenbidean lizentziaduna da, Euskal Herriko Unibertsitatean.1984tik 1994ra bitartean Konstituzio Zuzenbideko irakasle izan zen Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean. Doktoretza ikastaroa egin zuen eta zenbait ikerlan burutu zituen zuzenbide autonomikoaren arloan, bereziki euskal lurralde historikoei buruz. Bere artikulu eta argitalpenen artean, azpimarratzekoa da Derecho autonómico vasco liburua, 1991n argitaratua, beste egile batzuekin batera egina. Fakultateko Batzarreko kide izan zen.1994ko maiatzean, legelari kargua hartu zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Iñigo Lamarca joera homosexualeko eta identitate transexualeko pertsonen eskubideak defendatzeagatik nabarmendu da. 1997tik Gehitu Euskal Herriko gay eta lesbianen elkartearen lehendakari gisa jardun zuen ararteko izendatu zuten arte. Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Estatuko Federazioaren (FELGTB) zuzendaritza batzordearen kide ere izan zen.
Iñigo Lamarca hainbat hedabidetako ohiko kolaboratzaile izan da eta iritzi artikuluak ere idatzi ditu hainbat hedabidetan. Euskaraz, Gay nauzu liburua idatzi zuen (1999), gaztelaniara eta katalanera ere itzulitakoa.
Iñigo Lamarca 2009ko urriaren 8an, beste 5 urteko azken epealdi baterako. Urteotan erakundearen buruzagitzan egin duen lana honako ardatz hauetan oinarritu da: politika publikoen diagnostikoa egitea, eskubide sozialak defendatzea, gizarte barneratze eta kohesioa sustatzea, dibertsitatea eta diferentzia errespetatzea, eta eskubideen berdintasuna errealitate bihurtzearren beharrik handienak dituzten pertsona eta taldeei arreta berezia ematea.