Ararteko erakundearen zeregin nagusia da administrazioaren jarduera oker edo irregularrei buruz herritarrek egiten dituzten kexak, eskariak edo kontsultak jaso eta bideratzea. Kexak prozedura jakin baten arabera izapidetzen dira eta, bertan, eragindako administrazioari bere jokaeraren berri eskatzen zaio. Baldin eta kexa sorrarazi duen jarduera okerra izan dela erabakitzen bada, Arartekoak gomendio bat egiten du eta jarduera oker hori aldatzeko eskatzen dio administrazio arduradunari. Ebazpen horiek web atari honetan argitaratzen dira.
Euskal administrazioen politika publikoei buruzko diagnostikoak ere egiten ditu Arartekoak, batik bat txosten bereziak edo monografikoak eginez. Gainera, gomendio orokorrak egiten ditu politika horiek hobetzeko, herritarren eskubideak hobeto babestu daitezen, batez ere herritar horiek egoera txarrean, gizartetik baztertuta edo baztertuak izateko arriskuan, diskriminatuta edo gizarte-eskasian bizi badira.
Era berean, herritarrei zerbitzuak egiten dizkieten zentroak eta bulegoak ikuskatzera joaten da Arartekoa, harremanak eta aldizka bilerak izaten ditu gizarteko errealitatearen arlo desberdinetan lanean ari diren hainbat elkarte eta erakunderekin (GKE) eta anitz ekitaldi eta forotan hartzen du parte; horren bidez, politika publikoek eta administrazioen jarduerek etengabeko bilakaera izan dezaten eta hobetu daitezen lortu nahi du, kalitateko zerbitzuak eskaintzeko, eskubideak beteko direla bermatzeko eta desberdintasun, diskriminazio, eskasia eta gizarte-bazterketaren kontra borroka egin eta horiek errotik kentzeko.
Giza eskubideak errespetatzeari buruzko sentikortasuna eta kontzientziazioa areagotzeko ekimenak ere burutzen ditugu.
Arartekoak bere jardueren eta ekitaldien berri ematen dio Eusko Legebiltzarrari, urteko txostenaren bidez.