Skip to main content

Zerbitzu zorroa

Arartekora jo dezakezu herri-administrazio batek behar ez bezala jokatu duela edo legea urratu duela uste duzun bakoitzean. Komeni da aldez aurretik dagokion administrazioari erreklamazioa egitea. Halakoetan, kexa-espediente bat hasi eta administrazioaren jokaera aztertuko genuke.

Zure eskubide bat urratu dela uste duzunean ere jo dezakezu Arartekora, urratze hori herri-administrazio batek egin ez badu ere. Horrelakoetan informazioa eta orientazioa ematen saiatuko gara.

Era berean, herritarrei kasu egiteko gure hiru bulegoetako batera joan zaitezke, zure kexa posta elektronikoz edo webeko formularioaren bidez igor dezakezu, edo ohiko postaz edo faxez idatzi bat bidal dezakezu.

Arartekoak honako zerbitzuok egiten ditu:

  1. Argibideak eta aholkuak ematen ditu herritarrek egindako kontsultetan.
  2. Edozein pertsonak edo erakundek egiten dizkion kexa-idazki edo eskaera guztiak jasotzen ditu eta erantzuna ematen die.
  3. Bideratzeko onartzen diren kexa guztiak izapidetu eta ebazten ditu, hala badagokio; eta argibideak eta aholkuak ematen ditu bideratzeko baldintzak betetzen ez dituzten kexetan.
  4. Bere eskumen-eremuko gaietan, informazioa, arreta eta laguntza ematen dizkie erakundera jotzen duten pertsonei.
  5. Bere eskumen-eremukoak ez diren gaietan, informazioa, arreta eta aholkuak ematen dizkie erakundera jotzen duten pertsonei.
  6. Ofiziozko jarduerak hasten ditu.
  7. Urteko txostena eta txosten monografikoak prestatzen ditu.
  8. Arartekoak emandako ebazpenen bilakaera aztertzen du, ebazpenak betetzen ote diren egiaztatzeko.
  9. Intimitaterako eskubidea arautzen duen araudia betez, hainbat ebazpen, jarduera, ikerketa, azterlan, informatzeko material eta argitalpen ezagutarazten ditu.
  10. Prestakuntza eta dibulgazioa eskaintzen ditu pertsonek administrazioaren aurrean dituzten oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak babestearen arloan, batez ere eskubideok haurrei eta nerabeei badagozkie.
  11. Administrazioaren jarduera egokiak sustatu eta aldezten ditu, herritarrei administrazio ona izateko eskubidea bermatzeko.
  12. Beste erakunde publiko eta pribatu batzuekin elkarlanean aritzen da, Ararteko erakundeari eman dizkioten eginkizunak betetzearekin zerikusia duten gaietan.
  13. Arartekoaren web atariaren bitartez, datu-baseak eta agiri-funtsak kontsultatzeko aukera ematen du.
  14. Ikerketa-bekak ematen ditu, deialdi publikoa eginez, giza eskubideekin lotutako oraingo gaiak aztertzeko.
  15. Hausnartzeko eta herritarrek parte hartzeko foroak sustatu eta dinamizatzen ditu, aurrez aurrekoak nahiz birtualak, pertsonen eskubideekin zerikusia duten gaiei buruz. Zenbait adituk, gizarte-elkarte batzuek, gizarte zibilak eta herri-administrazioen hainbat ordezkarik hartzen dute parte foro horietan.