Skip to main content

Zuzendaritza taldea

  • Idazkari nagusia. Jose Luis Iparragirre Mujika (Idiazabal, 1964) Zuzenbidean lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) (1987), eta graduondoko titulua du unibertsitate horretan bertan Herri Administrazioko Unibertsitate Espezialista gisa, baita hainbat titulu profesional ere, besteak beste, Praktika Juridikoko Eskolako Diploma. Eusko Jaurlaritzako karrerako funtzionarioa da, Goi Mailako Teknikarien Kidegokoa, Eskala Juridikokoa, Eusko Jaurlaritzako letraduen espezialitatekoa, bai eta Administrazioko Goi Mailako Kidegokoa ere, gaur egun zerbitzu berezietako administrazio-egoeran dagoena. 1989ko urtarrilean hasi zen administrazioan, eta ordutik etenik gabe aritu da lanean. Goi-mailako kudeaketa- eta aholkularitza juridikoa eman du hainbat sailetan eta esparrutan (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa; Lurralde Antolamendua, Etxebizitza eta Ingurumena; Herrizaingoa; Kultura; Gobernantza Publikoa eta Autogobernua), eta 20 urte baino gehiago eman ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa ordezkatzen eta defendatzen prozedura judizialetan eta prozedura parajudizialetan edo arbitraje-prozeduretan, estatuko, autonomia-erkidegoetako eta Europako instantzietan. 2009-2013 aldian, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendaria izan zen, eta kultura-ondarearen, liburutegien, artxiboen, museoen eta jabetza intelektualaren arloez arduratu zen. Gainera, Espainiako Ondare Historikoaren Kontseiluko, Liburutegien arteko Lankidetzarako Kontseiluko eta eremuko beste koordinazio- eta aholkularitza-organo batzuetako kide izan zen. Kide anitzeko organoetako kide izan da, hala nola Kirol Justiziako Euskal Batzordekoa, Nahitaezko Desjabetzeko Lurralde Epaimahaikoa eta Doako Laguntza Juridikoaren Batzordekoa, eta hainbat herri-administraziotako hautaketa-epaimahaietan eta langileen balorazio-batzordeetan parte hartu du. Hainbat administrazio eta erakundetako prestakuntza-ekintzetan eta profesionaletan lagundu du, eta haren zuzendaritza bere gain hartu du edo txostengile gisa parte hartu du. 2024ko apirilean Arartekoaren hezkuntza-arloko aholkulari arduradun izendatu zuten, eta 2025eko uztailaz geroztik erakundeko idazkari nagusi izan da; azkenik, urte bereko irailean izendatu zuten lanpostuaren titular.
     
  • Herritarrei arreta emateko, administrazio digitaleko eta zerbitzu teknologikoetako zuzendaria. Gonzalo Álvarez Hazas (Barakaldo, 1976) Zuzenbidean lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean (2001) eta Informatikako Zuzenbidean master bat du Unibertsitate Konplutentsean (2002). Irakasle laguntzailea izan da Deustuko Unibertsitatearen eta EHUren hainbat master eta ikastaro aditutan. Teknologien zuzenbideko aholkulari juridiko gisa jardun du 20 urte baino gehiagoz, sektore publikoarentzat nahiz pribatuarentzat, eta datuak babesteko ordezkari moduan ziurtatuta dago erakunde publiko eta pribatuentzat. 2025eko urtarriletik, herritarrei arreta emateko, administrazio digitaleko eta zerbitzu teknologietako zuzendariaren betekizunak hartu ditu bere gain, eta Arartekoko datuak babestearen, administrazio elektronikoaren eta gardentasunaren arloko teknikari arduradun izaten jarraitzen du.
     
  • Aurrekontu eta Ekonomia Kudeaketako eta Administrazio, Langile eta Mantentze-lanetako zuzendaria. Jaione Aguirre Alcelay (Oñati, 1964) Zuzenbidean lizentziaduna da, Deustuko Unibertsitatean (1987). EAEko Administrazio Orokorreko funtzionarioa da, Zuzenbideko lizentziadunen goi mailako teknikarien kidegokoa. Administrazio horretan lan egin zuen 1988ko azarotik 1993ko abuztura. 1993ko irailean Arartekoko lege aholkulari izendatu zuten, eta, harrezkero, zerbitzu berezietan dago. Erakunde barruan, hezkuntza arloko eta administrazio publikoko langileen arloko koordinatzaile arduraduna izan da. 2019ko urriaz geroztik, Aurrekontu eta Ekonomia Kudeaketako eta Administrazio, Langile eta Mantentze-lanetako zuzendari-lanak egin ditu eta hezkuntza arloko arduraduna ere izan da.
     
  • Haur eta Nerabeentzako Bulegoko arduraduna. María Elena Ayarza Elorriaga (Bilbo, 1963) Psikologian lizentziaduna da, Deustuko Unibertsitatean (1986,) eta Deustuko Unibertsitate Komertzialeko INSIDEko Giza Baliabideetako graduondokoa du (2003). Gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzean, garapen komunitarioan eta gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonak gizarteratzen eta laneratzen lan egin du, zuzenean esku hartuz, kudeatuz eta aholkatuz, 20 urte baino gehiagoz. Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ongizateko zuzendari izan zen 2008-2009 aldian. 2010eko abendutik, Arartekoko Haur eta Nerabeen Bulegoko arduradun eginkizunak betetzen ditu.
     
  • Azterlanen eta Europako eta Nazioarteko Gaien Bulegoko arduraduna. María Luisa Aguirreche Ollo (Irun, 1963) Zuzenbidean lizentziaduna da (EHUko Unibertsitatea) eta Europako Zuzenbidean master bat du (Saarbrücken-eko Unibertsitatea, Alemania). EHUko Konstituzio Zuzenbideko eta Administrazio Zuzenbideko irakasle gisa, Zuzenbideko lizentziatura- eta gradu-ikasketak irakatsi ditu, 1991tik 2025era arte; ikerketa-egonaldiak egin ditu Cornell University-ko (EEUU) Zuzenbide Fakultatean; ikerketa-jardunaldietan parte hartu du Trier-eko Unibertsitatean (Alemania); Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko funtzionarioak prestatzeko hainbat ikastaro irakatsi ditu; hizlari gisa parte hartu du zenbait biltzar eta jardunalditan; eta hainbat argitalpen ditu aldizkari espezializatu batzuetan, bereziki arlo hauetan: ingurumen-zuzenbidea, etxebizitza eta hirigintza zuzenbidea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren gaineko esparru juridikoa. Ingurumen Zuzenbideko eta Berdintasuneko masterretako irakasle izan da Donostiako Zuzenbide Fakultatean (EHU). 2005. urteaz geroztik, Arartekoko aholkularia da eta etxebizitzaren, familiaren, emakumeen eta gizonen berdintasunaren eta LGTBI pertsonen eskubideen arloetako arduradun koordinatzailea izan da. 2018tik Europako eta Nazioarteko Bulegoko arduraduna da eta 2025ean Arartekoko Azterlanak zuzentzeko ardura hartu du.
     
  • Komunikazio zuzendaria. Irantzu Iriondo Gantxegi (Gasteiz, 1964) Informazio Zientzietan lizentziatua da, Kazetaritza espezialitatean, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Loiolako Herri Irratian kolaborazioak egin zituen (1986-1987), eta Radio Vitoriako albistegietan lan egin zuen 1987ko irailetik 1990eko uztailera arte. Orduz geroztik, eta 1993ra arte, Gasteizko SER kateko informazio-zerbitzuetan lan egin zuen, eta, ondoren, Euskal Telebistako informazio-zerbitzuetan lan egin zuen (1993-1994). 1994an, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko prentsa-aholkulari izendatu zuten, eta 2000. urtean Arartekoa erakundeko komunikazio-arduradun izendatu zuten.